XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hantxe zegoen txori gaixoa, kartoizko ontzian sartuta eta beldurraren beldurrez txiorik ere ez zuela botatzen.

Kontu handiz, Patxik jatekoa sartu zion zirrikitu batetik, baina bost minutu ondoren hantxe zeuden ukitu gabe txorizoa eta gaileta.

- Ez duk gose - esan zuen Makalak.

- Beharbada ez zekik hori jatekoa dela.

- Ez dik ba jakingo. Orduan hi gozokidendara joaten haizenean nola dakik zeintzu diren gozoenak? - Instintua deitzen zaiok horri, adiskidea - erantzun zuen Patxik jakintsuarena egiten -.

Gaizkile trebea izateko sudur finaren beharra zegok, bestela jai daukak.

- Ba txoriek ere izango diate distintu hori, nik uste.

- Oso bizkorrak dituk animaliak.

- Bizkorra balitz harrapaladan jango likek dena, gaileta bai gitxienez - esan zuen Patxik mespretxuz -.

Ez badu gura, doala pikutara, oraintxe bertan egingo diagu gutuna izeba Damianari bidaltzeko, eta arratsalderako bahitura eskuetan edukiko diagu.

Eta hala esanda, paper zati okertu eta zikin bat atera zuen patrikatik, eta lapitz motz bat.

Mihi puntaz lapitza busti eta idazteari ekin zion, geldo-geldo, idatzi baino marrazkiak egingo balitu bezala.

Tarte eder bat eraman zion amaitzeak, eta Makalak, aspertuta, mokeroa atera eta oilo batekin zezenketan egin zuen jolas: (...).